BALOIA BAZAN ALA EZ BAZAN- Bidea. Ibai Berrade


Urteak pasa nituen lokatz artean baloia lurretik altxatu nahian. Gogoan ditut orduko areazko eta putzuz betetako zelai irregularrak. Lokatza orkatiletaraino  heltzen zitzaigun arren han aritzen ginen jo eta ke gehien gustatzen zitzaiguna egiten.

Horri esker, ene ilobatxo, lortu nuen nire betiko ametsa. Ilusio eta dibertimenduari eskerrak, eta  izandako entrenatzaileak izan arren. 11-12 bat urterekin ziur nengoen ekialde urruneko entrenatzaileak nituela, euren hitz egiteko era, behintzat, ez baitzen ulerterraza.: “ bascula hacia el centro para tapar una posible salida” edo “ cuando doble haces tú la cobertura”… bezalako esaldiak martzianoek soilik esan zitzaketeela iruditzen zitzaidan niri. Errez konpontzen nuen arazoa: kasurik egin ez eta jokatzen jarraitzen nuen, irribarrea gora, baloia behera.

Halako batean Lezamara joateko aukera suertatu zitzaidan, zuri orain pasatu bezala, ene iloba maitea. Odola bor-borka joaten nintzen entrenatzera kamistea zuri-gorria jantzita, belarriak tente, garuna erne, grina gogoan eta umiltasuna izatean.

Ikasi eta gozatu, gozatu eta ikasi, hura zen nire egun argietako  helburua. Gero, gauez, kontzientziaren argiak itzali orduko pizten ziren San Mameseko fokoak. Eta han bertan, ohean, jokatzen nituen partiduak, zelai erdian 30 metroko paseak eginez 40000 eztarrien orroek bultzatuta. Hura gozatua! Hura terapia! Iratzargailuak jotzen zuenerako aspaldi jokatua eta irabazia zen norgehiagoka. Auskalo zenbat liga, batek daki zenbat kopa, nork jakin zenbat Europako kopa. Kontuak kontu, arropa jantzi baino askoz lehenagotik izaten nuen irria soinean.

Datorren astetik aurrera jakingo duzu zuk be, iloba, zertaz ari naizen. Baina jarrai dezadan kontatu nahi dizudanarekin.

Bada ahaztezina den egun bat; lehen mailan debuta egiten duzunekoa.

Euskaltzaindiak partidaren aurreko orduetako sentimenduak deskribatzeko propio sortu zuen hitz bat: “ezinegona”. Segundoek orduak ematen dute eta minutuek ordu bete. Baina nahiz eta ulertezina dirudien,  partiduaren hasiera hurbilduz doan heinean zure burua  lasaituz doa, trantze arraro batean murgilduta bazeude bezala. Arestian distortsionaturik jasotzen zenituen hotsak, bat-batean diskriminatu eta entzun gura dituzun hitz bilakatzen dira. Taldekideen babes hitzak eta entrenatzailearen berbaldi lasaigarria besterik ez duzu entzuten.

Eta egoera horretan topatzen duzu zure burua aldageletako tunelean: kamara geldoan filmatutako pelikula bateko protagonista zara. Fikzioa, dena fikzioa. Izan ere, errealitatearen temak laister bereganatuko zaitu, konturatzerako arbitroak joa baitu  txilibitoa.

Lehenengo ordu erdian apurtu nituen tibia eta peronea. Zorte txarra izan nuela diote gehienek baina ni ez nago eurekin ados. Erlatibizazio prozesu baten ostean konturatu nintzen ze nolako zoriontasun maila handira iristeko gai izan naizen. San Mamesen jokatu dut.

Hala eta guztiz ere,  ebakuntza ez zen nahi bezain ondo atera eta ezin izan nintzen berriro profesional mailan lehiatu.

Ez ezazu izu aurpegi hori jarri, laztana,  pozik nago eta. Futbolak gauza ugari irakatsi dit, eguneroko bizitzan erabilgarri zaidan gauza mordoa. Eta horregatik kontatu nahi izan dizut guzti hau Athletic-en kamiseta lehenengoz janztear zauden honetan;  heldu eta berehala alde egin dezakeelako bizitzan momentu orok, baita bizitzak berak ere.

Baliteke zuk futbolarekin ikasitakoak eta nik jasotakoak bat ez etortzea. Ez du garrantzirik. Nork bere bidea egin behar du. Baina ez ezazu ahaztu bizitza osotasunean begiratuz gero arlo batean ikasitakoa beste batzuetarako baliogarri izango zaizula.

Ah, eta ez  dudarik izan, nire iloba maitea, gu zure ondoan izango gaituzula  zauden tokian zaudela eta egiten duzuna egiten duzula.

Ez ezazu sekula ahaztu ikaragarri maite zaitugula.

IBAI BERRADE. Irakaslea

Un comentario sobre “BALOIA BAZAN ALA EZ BAZAN- Bidea. Ibai Berrade

Deja un comentario