HAMAIKA HITZ. Orbela. Eñaut Barandiaran


Orriak egunero erortzen dira, udazkenak aspaldi alde egin zuen arren. Moleskine beltz batetik erauziak, nahia eta ekina, nahia eta ezina nahasten dira jarraipenik ez duten hitz, esaldi eta paragrafoetan. Paperontziaren hondoan pilatzen doaz, gaur orri bat, bihar bestea, eta denboraren poderioz orbel zimel eta zimurtua bilakatzen dira.

Badauka zertaz idatzi, zerekin entretenitu,baina ez daki sentitzen duen, sentiarazten dioten amorru guztia nola bideratu, zein hitzekin adierazi: Negua heldu da EITBra, eta gidoilariaren ordez hotzak egiten du lan, kazetariaren tokian elurrak. Grezia sutan, Iran odoletan eta krisialdia bere horretan, Espainiak auzo-lotsa esportatzen du, asterik aste, atzo Urdangarin eta Camps, gaur lan erreforma eta Garzon, bihar batek daki. Hemen gatazka (hizki larriz) konpontze bidean beste hamaika gatazka larri piztuko dira, Lehendakaria trenean doala harrapatuko dutenak, Neverlandik Narniara,  Narniatik Hobittonera, eta abertzaleak, bitartean, hegemonia lortzeko burrukan ari dira, nor baino nor zekenago (despotismo ilustratuaren eusko label bertsioa), dena abertzaleentzat baina abertzalerik gabe. Iñakiiiiiiiiiii, ze urruuuunn dago… Eskozia!

Eta, hala ere, hostoak egunero erortzen dira, eta paperontziaren hondoan pilatuz doaz, noizbehinka esku batek paperontzia hustu eta orbela paper-edukiontzi urdinera botatzen duen arte (birziklatzearekin kontzientzia lasaitu eta indabak jan ostean puzkerrak lasai asko bota ahal izateko, agian). Herrian aintzaldu zuten Agate deuna, bihar da ba Deun Agate, etxe honetan zorion hutsa betiko eu(ki)ko al dabe, igo ziren Mendikosolora, ez bere aparkalekuan txortan egiteko, ez, etxetik eramandako lukainka eta bankeroak erre eta kanporamartxoa ospatzeko baizik, eta tradizioekin bukatzeko (ai, tradizioak, zein edangarriak diren!) laster Inauterien txanda izango da, eta bertan neskaz mozorrotu eta ziplo erori arte mozkortzeko aukera izango dute.
Orriak egunero erortzen dira, hau dena ikustean ordenagailuak bere buruaz beste egin duelako.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s