Kaleratze baten historia. Eñaut Barandiaran


Fabrika atarian utzi duzu autoa, aparkaleku erraldoiean. Gogortuta nabaritzen dituzu hezurrak, zurrun giharrak, eta aire girotuaren eztul ahulak apenas berotzen dizkizu maskorrez beteriko eskuak. Egunsentiaren izerdi hotzak kristalak blaitzen ditu kanpotik, eta mozkor begiez argitzen zaizu eguna, lausotuz farola indargeak, autoak, fabrika mamutzarra, eta lanera doazen neke-lagunak. Autotik irten, jaka lotu, eta poltsikoren batean behar lukeen indentifikazio txartelaren bila hasi zara. Aurkitutakoan, dagokizun tokia hartu duzu lerroan. Txartela sartu, langa igo, barrura, langa jeitsi. Hurrengo hamar orduetan zai izango duzunaren metafora ezin perfektuagoa: segunduro, minuturo, orduro, ia infinituraino errepikatzen den lan mekanikoa. Sartu duzu txartela, baina langak ez du gorantz jo. So gelditu zatzaizkio, mozolo baten antzera, baina ez da igo. Arraroa. Txartela atera, jakaren mahukarekin garbitu eta berriro saiatu zara. “Azkar, hostias, hotza egiten du eta”, atzeko tipo musugorri batek. Ez duzu ezagutzen. Hirugarren aldiz saiatu zara, baina alperrik. Atzetik dituzunei pasatzen utzi, eta beste saikera bat egitekotan zeundela, Inma agertu da, fabrikako segurtasun langileetako bat. Kopetilun dator. Lehor agurtu zaitu, ohi baino lehorrago, eta bere garitara jarraitzeko esan dizu. Bihotz aldean zimiko bat nabaritu duzu, antsietatearen lehen taupada urduria. Burura datozkizun ideiak uxatu nahi zenituzke, baina euliak kanoikadaka hiltzen saiatzea bezain ariketa hutsala litzateke.

Atzo zuri deika aritu zirela argitu dizu Inmak, baina ezin izan zutela zurekin hitz egin. Bere alboan dagoen lankide zuretzat ezezaguna Antonio dela, eta berak “lagunduko” zaituela barrura. Nabari zaie urduri daudela, deseroso. Antoniorekin irten zara kanpora. Bere txartelak ez dio arazorik eman, eta fabrikara sartu zarete. Horretan pentsatzeko denborarik bazenu, konturatuko zinateke zein umiliagarria den horrela joatea, fabrika guztia zeharkatzea segurtasun langile bat alboan duzula, gaizkile bat bazina bezala, baina zure gogo guztia arnasketan jarria daukazu, ziplo eroriko ez bazara. Bihotz taupadak fabrikako zaratekin nahasten dira, eta ez zenuke jakingo bereizten zeini dagokion zein. Hipoteka, emaztea, semea alabak. Oinez zoazten bitartean, begi pare ezagunak nabaritzen dituzu zuri begira: Lotsa eta errua darien begirada iheskorrak, zurea nabaritzean lurrean iltzatzen direnak. Gero eta konkortuago daudela konturatu zara, urteetan zehar lurrera begiratzearen poderioz. Zu ere antzera zaude, eta tentetzen saiatu zaren arren, konkorraren pisua nabaritu duzu sorbalden gainean. Eskailerak igo dituzue, Golgota bidean. Ate baten aurrean paratzeko esan dizu Antoniok: “Giza baliabideak”.  Hipoteka, emaztea, seme alabak. Ez daukazu bigarren etxerik, ezta luxuzko autorik ere. Ez zara zure aukeren gainetik bizi izan. Langile zintzoa izan zara, esanekoa, dozenaka urte daramatzazu lanpostu berean. Zergatik zu? Zergatik ez? Antoniok sartzeko esan dizu. Traje eta gorbatadun tipo bat mahai txiki baten bueltan eserita: Esertzeko mesedez, gauzak gaizki doazela, ez duela gustoko bere lana, baina azken finean bera ere langile bat dela, onena lehen bait lehen sinatzea, dirua lehenago jasoko duzula…

Azkar bukatu du. Irteterakoan, hurrengoari ekartzeko esan dio Antoniori. Bueltako bidean zu izan zara begirada lurrean iltzatu duena. Lotsatuta zaude. Ez dakizu ondo zergatik, ez duzu motiborik, baina hala da. Ziur aski, hori da bilatzen dutena, norbera kokiltzea, umiliatzea, errudun sentiaraztea.

Minutu pare baten bueltan fabrika atarian zaude, aparkaleku erraldoiean. Arnasa hartu duzu sakon, minez: Aurrez aurre emakume gazte bat, txartela sartzen eta sartzen, gorantz jotzen ez duen langa bati begira. Halako batean Inma hurbildu zaio, eta lehor agurtu du, ohi baino lehorrago.

 

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s