Andoni Iraola: Ahaztuko ez dugun antiheroia


 

Andoni Iraolak agur esan dio bere kirol ibilbide profesionalari. Ohi duen moduan, apal, ia isilean. Berria jakin bezain laster, baina, esker oneko mezuak barreiatu dira ingurumari zuri-gorrietan. Bilatu gabe ere, naturaltasun txundigarriz, egunez egun guztion miresmena irabazi eta arrasto sakona utzi zuen usurbildarrak Bilbotik alde egin eta Ameriketarako bidea hartu zuenean. Fokupean egotea ez du sekula gustuko izan, eta, hala ere, Athleticen azken hamarkadetako ikurrik esanguratsuenetako bat bilakatu da, ezbairik gabe: Iraolaren itzalak luzaroan emango dio aterpe San Mameseko eskuin hegalari. Zelai barruan erakutsi duenaz harago -Athleticen historian partida gehien jokatu dutenen zerrendan laugarrena da-, zaletu zuri-gorriek hura gogoratzean aipatzen dituzten dohainek Athleticeko betiko jokalariaren eredua dakarkigute gogora, berdin-berdin hezurmamitzen dena  egungo argazkietan, edo joan den mende hasierako Aurelio Artetaren koadro hartan: Lanerako grina, apaltasuna, talde nortasuna…

Arreta erakarri duenean bere jokoagatik izan da. Ez da komeni ahaztea eskuin hegaleko atzelari aparta izan dela, aritu izan den postuarekin lotutako aurreiritzi guztiak banan-banan apurtu dituena: azkarra izan gabe ere, bere buru argitasunak, behar den tokian behar den unean egoteko abileziak abantaila eman izan dio beti -galde diezaiotela bestela Ronaldinho handiari, zeinak elkarrizketa batean aipatu zuen Athleticeko hamabosta izan zela aurrean suertatu zitzaion aurkaririk zailena-, eta horri gaineratu behar zaio berez atzelari bati ez dagokion dotorezia zeukala. Baloia nahierara erabiltzen zuen, bere hegaletik taldearen jokoa baldintzatzeraino. Askotan, San Mamesen iparrorratza jarri, eta gorantz jo beharrean eskuinerantz lerratzen zen. Bi urteko beltzean, adibidez,taldearen beharretara egokitu eta hainbat partida euskarri postuan jokatu zituen , arazo handirik gabe, egoera zein zen kontuan hartuta. Iraola ataka zailak erraz antzean konpontzen dituen horietakoa izan da beti.

New York City taldeak “Ahaztutako heroia” saria eman dio orain dela ez asko. Patrick Viera entrenatzaileak horrela azaltzen zuen erabakiaren zergatia: “Andoni talde jokalariaren adibiderik onena da. Denek miresten dute, bai zelai barruan zein kanpoan. Pozten nau saria berak irabazi izana, merezitakoa da, ezbairik gabe. Andoniren ekarpena oso garrantzitsua izan da taldearentzat. Taldeko jokalari asko goraipatzen dira, baina berak zelai barruan zein kanpoan egiten duen lanak aitortza merezi du”.

Heroi trazarik ez dauka, egia esan, baina argi dagoena da zalego zuri-gorriak ez duela ahaztu behar.  

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s