HAMAIKA HITZ. Anorexia mota berri bat. Eñaut Barandiaran


Lodi gaudela esaten digute. Azkena Raxoi izan da, gobernura heldu berritan. Berari baino lehenago entzun izan diogu kalaka berbera Zapatero, Merkel, Sarkozy edo Patxi Lopezi, adibide batzuk jartzearren. Guztien mezua bertsua da, ideologiaren arabera doinu eztiago edo lakarragoarekin esaten badute ere: soberan dugu gantza. Eta ez hori bakarrik. Erantzukizuna gurea da hein handi batean, beharrizanen gainetik bizi izan garelako, oturuntza orgiastiko etengabean. Orain dagokigun tokian jarriko gaituzte (egon lasai). Ez lukete nahi, eurentzat ere ez da samurra, baina guraizea sartu behar dute nonahi. Nonahi ez, barkatu, kulturan, hezkuntzan eta osasunean ororen gainetik.

Halakoak entzuten ditudan bakoitzean, ez dakit ondo zergatik (politikariek esaten dutena entzuteko ohitura txarra daukat) baina beti erreakzio berbera izaten dut: nagoen tokian nagoela ispilu bat bilatzen dut. Ez du edozein ispiluk balio, gorputz osokoa behar du izan, eta ahal izanez gero hobe toki itxian badago (orain azalduko dudan arrazoi batengatik). Ispilu egokia aurkitu ondoren, soinean daramadan arropa guztia erantsi eta larru gorritan geratzen naiz, nire gorputzari beha. Aspaldi da ez duzula gantza inondik ikusten. Aitzitik, gero eta argalago zaudela esango zenuke. Gorputz luze eta mehexka, saihetsak agerian dituena,  Anbotoko gainaren antzera. Gerrikoa estutzearen estutzeaz gerri inguruan zauria egin digu, gainera.  Zornea dario, eta min ematen digu. Beraz, zertaz ari dira lodi gaudela esaten dutenean?

Baliteke arazoa eurena izatea, eta ez gurea, egundaino psikiatriak ezagutu ez duen anorexia mota berri bat edo, norbera ispilu aurrean jartzean eman ordez besteak ispilu aurrean ikustean ematen dena. Gaixo haiek, eta gaixoak gu!

Deja un comentario